Skip to main content

Esperimentatuz ikasi

Irudia

0-3 URTE

Bizitzako lehenengo urteak funtsezkoak dira, haurrak bere burua ezagutzetik ingurua ezagutzera eramango duen bidea jorratuko baitu. Horrela, pixkanaka-pixkanaka bere pertsonalitatea eratzen eta autoestimua indartzen joango da.

Bide honetan, ezinbestekoa da haurrak atxikimendu ziurra jasotzea. Bere bizitza guztian zehar sostengua emango diona.

Etapa honetan, haurrak zaintzen duen helduarekiko atxikimendu ziurra lortzea izango da helburu nagusia. Horretarako, umea bera, den bezalakoa onartua eta maitatua sentitu beharko da, dagozkion mugak maitasunez jarriko zaizkiolarik.

Errespetuan oinarritutako giroa ziurtatuko da, bai oinarrizko beharrak hasetzen laguntzean, eta baita mugimenduan daudenean ere.

Esperimentazioa izango da ezagutzak barneratzeko baliabide nagusia.

 


Irudia
Haur hezkuntza

3-6 URTE

Adierazpen mota desberdinak garatuko dituzte, erritmo eta interes guztiak errespetatuz.

Material ez-estrukturatu zein estrukturatuaren manipulazioaren bitartez, ezagutza logiko-matematikoak bereganatuko dituzte.

Jolas sinbolikoaren bitartez, haurra errealitatea ulertzen joango da eta aldi berean, bere beldurrak lantzeko aukera izango du.

Adin honetan harremanak lantzeko beharra izango dute eta helduak paper garratzitsua izango du hauek ulertzeko edota bideratzeko bidean lagunduz



Argantzon Ikastolan hezkuntza kontzientea oinarri hartzen dugu, haur bakoitzaren erritmoa, beharrak eta emozioak errespetatuz. Ingurune seguru eta afektibo batean, haurra bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista bihurtzen da, jolasa, mugimendua eta esperimentazioa ardatz hartuta. 

Autonomia sustatu eta askatasunaren eta limiteen arteko oreka zaintzen dugu. Gure helburua da haur zoriontsuak eta autonomoak heztea, ikasten gozatzen dutenak eta munduan aktiboki parte hartzeko prest daudenak.Hezkuntza kontzienteak haurra erdigunean jartzen duen ikuspegi bat da, non bere beharrak, erritmoa eta emozioak errespetatzen diren. 

Gure Ikastolan, haur bakoitza bere osotasunean hartzen dugu kontuan, bere garapen afektiboa, fisikoa, kognitiboa eta soziala orekan lantzen saiatuz. Askatasuna eta limiteak uztartuz, ingurune seguru eta aberats bat eskaintzen diegu, non jolasa, mugimendua eta esperimentazioa ikaskuntzarako oinarri diren. Haurraren jakin-mina pizteko eta ikaskuntza esanguratsua sustatzeko, material manipulatibo eta anitzak erabiltzen ditugu. 

Haurra bere ikaskuntza-prozesuaren protagonista da, eta guk prozesu horretan laguntzen dugu, betiere motibazioa, gozamena eta esanguratsutasuna ardatz hartuta. Helburua ez da soilik emaitzak lortzea, baizik eta haur kritiko, autonomo eta zoriontsuak haztea.

Irudia

3-6 urteko etapan LANTZEN DIREN JARDUERA BATZUK:

Jolasa, mugimendua eta esperimentazioa

Jolastuz, esperientzi eta esperimentatuz gauzatzen du haurrak bere garapen kognitiboa. Horretarako, ikastolan espazio egokituak eta material anitzak eskaintzen dizkiegu. Ingurunearekin eta naturarekin harreman zuzen izanik.

Hizkuntza

Hizkuntz jarduerek adin honetako oinarrizko behar bati erantzuten diote. Abestiak, olerkiak, ipuinak eta istorioak uneoro erabiltzen ditugu.

Idazketa zerbait komunikatzeko nahiarekin estuki lotuta dago.

Irakurketa (besteek pentsatzen dutena ezagutzeko jakinmin moduan ulertuta) beranduago helduko da.

Matematika

Material sentsorialaren bidez, haurrak tamaina eta kantitatearekin lotutako sentsazio asko bizi eta bere gorputz memorian barneratzen ditu.

Haurra prest dagoenean, eta interesa duenean, batuketa eta kenketa aurkezten zaizkio. Beti ere, haurrari ikusi eta ukitzeko aukera ematen dion material espezifikoa eta manipulatiboa erabiliz. Horrela, ikaskuntza kontzientea lortzen da.

Ikaskuntza esanguratsua

Gure ikastolan, haurrak, euren esperientzien protagonista kontsideratzen ditugu. Haurren motibazioa eta interesetatik abiatuta, aurreitik dakitena eta egoera berrien arteko loturak ezartzen laguntzean datza gure metodologia. 

Modu horretan, pentsatzen, haien ikuspuntuak plazaratzen, kritikoak izaten, hipotesiak sortzen edota arazoen aurrean konponbideak formulatzen trebatu daitezen saiatzen gara, helduek aurrez erantzunak ematearen zain egon ez daitezen.

Zirkulazio autonomoa

Argantzun Ikastolan haurren garapenaren funtsezko oinarri gisa ulertzen dugu mugimendu librea. Emmi Pikler pediatra eta pedagogoak defendatzen zuen haurrak askatasunez mugitzen uztea, helduaren alferrikako esku-hartzerik gabe, lagungarria dela haien konfiantza, segurtasuna eta motrizitate harmoniatsuagoa izateko.

Zirkulazio autonomoaren bidez, haurrek beren erritmoan esploratzen dute espazioa, nola mugitu erabakitzen dute eta beren gaitasunak aurkitzen dituzte. Bere denbora eta beharrekiko begirune horrek autonomia, kontzentrazioa eta norberaren mugimenduarekiko plazera sustatzen ditu.

Etorri gu ezagutzera

Irudia
Gu ikastola, zu?

Matrikulatu zaitez Argantzun ikastolan!