Hezkuntza Proiektua

Ikastetxea nekazal-ingurune batean egotea pribilegio bat da; talde txikiak ditugu, eta, horri esker, arreta indibidualizatua eskaini dezakegu eta adin desberdinetako ikasleak nahasten ditugu, horrek dakartzan onura guztiekin; haur bakoitzaren garapen-erritmoak errespetatzea, nagusiak txikienen erreferente dren bezala, nagusienek txikienak erreparatuz, haien garapen-unea identifikatzen dute, eurek ere bizi izan zutelako garapenaldi hori, eta, horri esker, zer fasetan dauden jakin eta uler baitezakete. 

Gure lehentasuna haur bakoitzaren beharrizan emozionalei erantzutea da, ingurune seguru bat izan dezaten, horixe baita haien potentzial guztia garatzeko oinarria.

Material manipulatiboarekin egindako esperimentazioaren, jolasaren eta mugimenduaren bitartez, ikaskuntza esanguratsua eta bizipenetan oinarritutakoa lortzen da. Haurra bere aurrerapenen protagonista da, eta, hala, bere interesek gidatuta, haurrak berak deskubritzen ditu gauzak eta egiten ditu loturak jada badakienaren eta sortzen zaizkion egoera, zalantza edo arazo berrien artean. Modu horretan ikasten dute haurrek irtenbide posibleak pentsatzen, zalantzan jartzen, imajinatzen eta eraikitzen, guztia helduek konponduko dutela itxaron gabe.

Hala, autoestimua eta autonomia indartzen ditugu, eta haurrek garapen osoa lortzen dute.

Horiek dira haurrak ikaskuntza-prozesua garatzeko oinarriak. Motibatuta badago eta egiten dabilenarekin gozatzen badu, modu egokian egingo du aurrera.

Garrantzi handiagoa ematen diogu ikaskuntza-prozesuari emaitzei baino.

Ikasgiroa askatasunean, arduran eta errespetuan oinarritutakoa da.

Irakasleak bidelagun gara ikaskuntza-prozesuan, askatasuna errazten dugu eta bizikidetza on baterako beharrezko mugak ezartzen ditugu.

Herriak eta inguruko gune naturalek (erreka, mendia, landa) aukera ematen digute haiekin harremanetan jartzeko, eta ikastoki gisara erabiltzeko.

Naturarekin harreman zuzena daukagu, eta hura zaintzeko moduak eta jarrerak bultzatzen ditugu.

Ikastola herriaren parte da, eta herria hezkuntza-komunitatearen baitan dago. Herriko jendearekiko eta lekuekiko (dendak, tailerrak, ikuiluak, baratzak…) harremanak sendotzen ditugu.

Era berean, familiak proiektuaren parte eta bultzatzaile dira. Harreman zuzena dugu haiekin, eta hurbileko tratua sortzen da. Eta hori guztia euskara erabiliz egiten dugu, euskal ohitura eta kulturarekiko maitasuna sustatuz.